“bere senetik aterea, presaka, ohartu gabe egin zuen etxerainoko bidea”
Lanean zegoela lagunak dei egin zion. “Zure emaztea tipo batekin ikusi dinat” Hasieran barre egin zuen, inozenteen eguna ez zela erantzun zion lagunari. Baina lagunak seriotasunez, gauza bera errepikatu zion. “Ulertzen dinat; zure bihotza babestu nahi duk, baina egia duk. Nire begiek ikusia”. Orduan txuri jarri zen, eta telefonoa eskegi zuen. Lagunaren hitzak buruan dantzan zituen.
Uholde bat zuen barnean, gora eta behera. Urduritasunak jota, etxera joateko prestatzen hasi zen. “Ez duk etxean egongo, tipo horrekin egongo duk”. Berriz eseri eta lanordua bukatu arte itxarotea deliberatu zuen. Gainera, hobe zen gauzak geldotasunez hartzea. Ez zekien 15 urte elkarrekin bizi eta gero bat-batean ezezagun bilakatu zitzaion emazteari zer esango zion. Ez zuen imajinatzen emazteak zer erantzungo zion.
Arratsaldeko seiak bitarteko orduak amaigabeak egin zitzaizkion, hala ere erreakzionatu gabe jarraitzen zuen. “Zergatik egin behar hidan hau niri?” Zergatiak, arrazoiak nahi zituen. Ez ahal zion berak guztia eman? Ez ahal ziren ba zoriontsu? Ez ahal zen ba senar ona? Detaileduna? Non egin ote zuen akats galdetzen zion bere buruari, errua berea balitz bezala.
Seiak iritsi zirenean, korrika zutitu zen. Inor agurtu gabe, lantokitik irten zen. Bere senetik aterea, presaka, ohartu gabe egin zuen etxerainoko bidea. Eta han aurkitu zuen emaztea, sukaldean. Ohi bezala hurbildu eta musu eman zion masailean emazteak, berak keinurik ez zuen egin artean. “Serio hago, egun gogorra lanean?” “Nire bizitzako egunik gogorrena” Begiradak gurutzatu zituzten, eta guztia esana geratu zen. Gizonaren dezepzioa eta emaztearen lotsa.
(…)
- Ez ahal geundean ondo?
- … - Isiltasuna.
- Ez ahal nauk maite?
- Bai, maite haut. Baina ez zakinat… gertatu egin zuan.
- Gertatu?
- Bai, ez zakinat nola.
- Orduan ez geundean hain ondo egongo, bestela ez zuan gertatuko…
- Zer egin behar dinagu?
- Banandu.
- Banandu?
- Bai, honetan engainatu banaun, zertan gehiago?
- Ezertan.
- Iada ez nauk fidatzen.
- Pentsazak umeengan?
- Umeengan ari nauk pentsatzen.
Eta besterik esan gabe, etxetik joan zen.
Saturday, March 03, 2007
Subscribe to:
Post Comments (Atom)

No comments:
Post a Comment